Sustrai Erakuntzak Ez Ezkiotik, ez Gasteiztik! AHTrik ez! mobilizazioa babesten du

    es 20 Mai 2025 - Prentsa oharrak, Prestazio Handiko Trena (AHT)

    Stop Zundaketak AHTrik Ez! ekimena, AHTren aurkako mobilizazio berri bat iragartzeko prentsaurrekoa egin zuen atzo. Sustrai Erakuntza fundazioak prentsaurrekoan parte hartu zuen eta ekimena eta bere mobilizazio proposamena babesten du. Jarraian prentsaurrekoan irakurri zen testu osoa..

    Ia bi urte pasa dira AHTko euskal Y-aren eta Nafarroako korridorearen arteko lotura erabakitzeko zundaketa kanpaina bat iragarri zutenetik. Jakinda zundaketak AHTko proiektu txikitzailea inposatzearen lehen urratsa direla, hauen kontrako dinamika parte hartzailea martxan jarri zuten AHTaren aurkako hainbat eragilek eta azken hilabete hauetan saretzea Itza, Sakana, Lautada eta Goierriko herri mugimenduko beste hainbat eragiletara ere zabaldu da.

    Zundaketen aurkako dinamikak aurrera darrai. Otxobin eta Izurdiagan ilegalki egindako zundaketa saiakerei gaitzespen irmoa adierazi zitzaien eta bertan behera gelditzea lortu zen. Edozein unetan baimen legalekin agertu daitezke. Baina ilegal edo legalak izan, jakina da ez dutela zilegitasunik eta indarrez inposatutakoak direla. Hori guztia gutxi balitz, Gobernu zentralak eta eskuinak, gezurrak zabaltzen jarraitzen dute, nahasmena eta intoxikazio kanpaina bultzatuz, herritarrak eta udalak kriminalizatuz.

    Jakin dugun azken berria, Bianako Printzea Erakundeak Itza eta Sakanako hainbat udaletara bidalitako azken ebazpena da, non AHTaren ibilbidean zehar hainbat azterketa arkeologiko egitea onartzen den. Azterketa arkeologiko hauek aurpegi zuriketa hutsa direla ozen salatu nahi dugu, argi gelditu baita nola suntsitu dituzten urte luze hauetan hainbat aztarnategi arkeologiko, besteak beste Tafallako Castellum-aren desitxuraketa.

    Horregatik, AHTaren aurka orohar eta eman nahian jarraitzen duten urratsen aurrean zehazki, erantzun zabal, anitz eta ozena ematearen beharra ikusi da eta horretarako maiatzaren 31an eguerdiko 12:30etan Altsasuko udaletxe aurrean egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia egin nahi dugu. Herritarron hitza eta nahia garrantzitsua delako, eta esan eta errespetarazteko asko dagoelako. Hori dela eta, 31ko mobilizazioa babesteko eta AHTaren aurkakotasuna jasotzeko atxikimendu kanpaina zabal bat martxan jarri da, lurraldeko hainbat eragile eta norbanakoez osatua.

    Oraindik atxiki ez diren talde eta elkarteak bat egitera eta herritar guztiak maiatzaren 31ko mobilizazioan parte hartzera gonbidatuta daude; bertan, zundaketa kanpaina bertan behera uztea eta AHTaren lanen erabateko gelditzea eskatuko da. Senti dadila AHTaren alde dagoen Sakanako udal bakarrean, Altsasuko udalean, jarrera horrekiko samina eta AHTrik gabeko bailara bizien aldeko herri borondate sendoa.

    Denon artean geldituko dugulako!!

    MAIATZAK 31, 12:30ean MOBILIZAZIOA ALTSASUN UDALETXE AURREAN.

    STOP ZUNDAKETAK, AHTrik EZ!