
Dagoeneko bi urte pasa dira Goierrin, Itzan eta Sakanan AHTarendako zundaketak egin nahi zituztela jakin zenetik. Tarte honetan hiru zundaketa saiakera egin dituzte. Hirurak beharrezko baimenik gabe eta legea argi eta garbi urratuz. Lehen saiakera Ataunen egin zuten. Bigarrena Itzako Otsobi herrian eta azkena Sakanako Izurdiagan.
Herritarren aurkaritzak eta udalen ekimenak zundaketa ilegal hauek geldiarazi baditu ere, hemendik aurrera legea betez egiten saiatuko direla aurreikusi behar dugu eta tinko egin beharko diegu aurre AHTaren lanen hasiera diren zundaketa hauek gelditu nahi baditugu. Iruñea Gasteizekin edo Ezkiorekin lotu behar ote den sasi eztabaidan tematu dira politikariak eta komunikabide nagusienak, lotura hori dagoeneko badagoela ahantziz eta lotura hori egina daukan betiko trenaren zerbitzuak egunez egun apaltzen eta txartzen doazen bitartean.
Zundaketa hauen salaketa egiteko hainbat mendi martxa burutu dira orain arte. Bi Itza udalerrian eta hiru Sakanan.
Heldu den larunbatean, martxoak 29, AHTaren zundaketen aurkako laugarren mendi martxa burutuko da Sakanan, Altsasu eta Olaztiren artean. Hasiera goizeko 09:30ean izanen da Altsasuko plazatik eta San Pedroko zelaira abiatuko da AHTa Ezkiora eramateko balizko ibilbide aldera. Bertan, Aralar zulatzearen arriskuak eta kalteak ezagutaraziko dira zuzenean. Altsasura bueltan elkarretaratzea burutuko da 11:30ean udaletxe aurrean Geroa Baik gidatzen duen Altsasuko Udala AHTaren aldekoa dela salatzeko. Ondoren Olazti aldera joko da Gasteizko ibilbidea izanen litzatekeen ingurutik pasa eta balizko zundaketa bat non egin nahiko luketen ikusteko.
Ibilbidearen zehar beste proiektu txikitzaileen inguruko informazioa jasotzeko aukera izanen da, hala nola, Autopista Elektrikoen aurkako plataformarena, Errauskailuaren aurkako mugimenduarena edota Cementos Portland-ek handitu nahi dituen harrobien ingurukoa.
Ibilaldi amaiera eguerdiko 14:30ean izanen da Olaztin eta ondoren, bazkari herrikoi bat eginen da San Miguel Elkartean martxan ibilitakoekin.
Autoak Altsasun utzi dutenendako, hara eramateko zerbitzua antolakuntzak jarriko du.
Bazkarian izena emateko: 638199082/ stopahtzundaketak@gmail.com Aukera barazkijalea nahiago baduzu eman abixua.
STOP AHT ZUNDAKETAK EKIMENA
