AHTrako zundaketak berehala gelditzearen aldeko bizikleta martxaren ekitaldiak

    es 23 Abu 2023 - Prentsa oharrak, Prestazio Handiko Trena (AHT)

    Sakanan eta Goierrin AHTrako zundaketa geologikoak egiteko baimen-eskaeren uholdearen aurrean, AHT Gelditu Nafarroa, AHTrik ez Lautada, Landarlan, Otsotarrak, Sakana Trenaren Alde eta Sustrai Fundazioak osatutako STOP AHT ZUNDAKETAK / STOP SONDEOS AHT ekimenak bizikleta martxa antolatu du Sakana, Arabako Lautada eta Goierri lotzeko. Sakana, Arabar Lautada eta Goierriko zundaketek afektatutako lurraldeak zeharkatuko ditu martxak abuztuaren 25etik 27ra.

    Martxa honen bidez, Abiadura Handiko Trena eraikitzeak dakarren inpaktu-katea salatu nahi da: ingurumen-inpaktuak, herri eta lurretan izango duen eragina, xahutze ekonomikoa, ohiko trenaren desmantelamendua eta honen zerbitzuak hobetzeari uko egitea, eta, ondorioz, enpleguak galtzea. Eta honen guztiaren lehen urratsa esplorazio-zundaketak dira.

    Hori dela eta, bizikleta martxak herri desberdinetatik igarotzea aprobetxatuko du zundaketa horiek berehala geldiaraztea eskatzeko, zonaldeko biztanleria gehiengoaren sentimendua eta kezka jasoz, eta, aldi berean, balizko zundaketen kasuan jarduteko protokoloa zabalduz, jadanik lehen hiru saiakerak geldiaraztea lortu egin baita.


    Bizikleta martxa abuztuaren 25ean, ostirala, hasiko da, 10:00etan, Irurtzungo herriko plazan, Olaztira 20:30ean iristeko, eta bertan Aguraindik 18:00etan abiatzen den Arabako Lautadatik datorren txirrindularitza-zutabearekin bat egingo du. Azpimarratzekoa da Altsasu egingo den bilkura eta batzar informatiboa, 18:30ean, Udaletxeko plazan. Herritarrei dei egiten zaie bertan parte har dezaten. Halaber, 22:30ean kontzertu bat egingo da Olaztiko Gaztetxean.

    Hurrengo egunean, abuztuaren 26an, martxa Olaztitik abiatuko da 9:00etan. 10:00etan, trenbideko langile eta sindikatuekin biltzea aurreikusten da, Altsasuko geltokiaren ondoan, komunikabideei irekita. Hortik, Zegama eta Seguratik barrena jarraituko du ibilaldiak Idiazabalerako bidean. Idiazabalen, etenaldia egingo da udaletxearen aurrean. Ondoren, Beasainen, elkarretaratzea egingo da Erauskin plazan, 13:00etan. Arratsaldean, 15:30etatik aurrera Lazkaon batzar irekia antolatu da AHTren aurkako borrokaren oraina eta etorkizuna eztabaidatzeko. Azkenik, ibilaldiak Ataunen amaituko du bere etapa. Bertan, 19:00etan Auzoeta pilotalekuan iritsi eta ongietorria egitea aurreikusten da.

    Azken etapa, abuztuak 27, Ataun eta Irurtzun artean izango da. 8:30ean abiatuko da Ataundik, eta Lizarrustitik barrena Lakuntzara iritsiko da 11:00ak aldera, Arbizutik igarota. Ondoren, Uharte – Arakilen, 12: 00etan, eta Artzai Egunarekin bat eginez, elkarretaratzea egingo da Seme-Alaben plazan. Mobilizazioa amaituta, Irurtzunera arteko azken zatiari ekingo dio martxak, eta 15: 00ak aldera iritsiko dela aurreikusi dute. Herriko plazan esker emate ekitaldia egingo da eta ondoren herri bazkaria egongo da Pikuxar elkartean.