Testu hauekin Sustrai Erakuntza Fundazioak hausnarketa bat egin eta larunbat honetan egonen den manifestazioa parte hartzea bultzatu nahi du. Manifestazioa Iruñeko Gaztelu Plazan hasiko da arratsaldeko 17:00etan, eta “Si al Tren, No al TAV, Herriak erabaki” leloa dauka.
Nafarroako trenbidea pil-pilean dabil berriro ere politikaren munduan. Eguna joan eta egun etorri, albiste bat edo batzuk agertzen dira jokalekura. Ondo jakinekoak dira alderdi bakoitzaren jarrerak, nahiz eta batzuetan ez egon hain argi, izendapenak maiz aldatzen dituztenez.
Hasieran, 2004an proiektuak onartu zituztenean, soila zen auzia: AHT abiadura handiko trenaz mintzo ziren, eta abiadura handikoaren Nafarroako korridoreaz; termino biek ere argi adierazten dute gaur egungo trenak baino abiadura handiagoan ibili ahal den tren bat dela. Baina, ordutik, denbora pasatu da, lehertu egin da adreiluaren eta obra publikoaren burbuila…
Gaur egun, eta batik bat Geroa Bai Nafarroako Gobernura heldu denetik, aldatu egin da azpiegitura hori izendatzeko terminologia. Orain, PHT prestazio handiko trenaz mintzo dira, nahiz eta ez diren askorik ahalegindu zehazten zertan datzan goitasun hori, ez eta zerk bereizten duen AHT-tik ere.
Horretan guztian, hauxe da egia bakarra: izena aldatuagatik ere, proiektu berberak direla oraindik, 2004a baino lehenago diseinatuak, zeinek berekin baitzekarten tren bat egitea bidaiariak abiadura handian eramango zituena leku batetik bestera. Proiektu horietan ez zen merkantziarik aipatzen; horiek gerora sartu dituzte, beharbada kritikak isilarazteko asmoz. Proiektu horietan, halaber, trenbide plataforma berri bat sortzeaz mintzo dira, lursail berriak hartuko lituzkeen ibilbide berri bat izango duenaz.
Azpiegitura erabat paralelo bat izango litzateke, orain badugun trenbide konbentzionalaren alboan. Zehazki, gaur egungo trenaren ibilbide berbera… baina aldaketa nagusi batekin: AHTa ezarriz gero, geltoki ertainek eta txikiek ez lukete izango distantzia luzeko zerbitzurik. Baina, segur aski, baita aldirietakoak ere, jada murrizten hasiak baitira abiadura handiko trena dela-eta estatu osoan egiten ari diren inbertsio handiengatik; eta, aurrerago, Nafarroakoa bezalako linea berri defizitarioen eraginez, are eta gehiago murriztuko dituzte.
Eragin hori ezinago garbi sumatzen da Erdi Aldean. Tafallako tren geltokia da horren erreferentzia. Gaur egun, hasiak dira murrizketak izaten, gutxitu egin baitituzte hark emandako hainbat zerbitzu. Oraindik ere gelditzen dira han Alvia trenak —Madrilerako eta Bartzelonarako bidaiak eskaintzen dituzte, abiadura handiko trenaren antzeko zerbitzuekin—, eta Nafarroatik pasatzen den ibilbidean hobekuntzarik ia behar gabe, orain arte.
Baina Nafarroako abiadura handiko trena eginez gero, kolpean desagertuko lirateke distantzia luzeko zerbitzu guztiak, AHTaren proiektuan ez baitago jasota tren geltokirik hiri horretan. Eta antzeko arazoak sortuko lirateke gaur egungo ibilbideko beste geltoki garrantzitsu batzuetan: Altsasu, Erriberri, Castejon… Horietan guztietan, distantzia luzeko loturarik ezingo lukete izan, AHTra aldatuko bailirateke, zeinak ez baitu aurreikusten geraldirik horietako ezeinetan. Eta baliteke aldirietako zerbitzuak ere gutxitzea, AHTa egiteko zorretan itorik. Merkantziak bakarrik geldituko lirateke, zeinak nekez ibiliko bailirateke AHTaren trenbidetik…
Argi dago, bada, AHTak are eta gehiago bakartuko lituzkeela Nafarroako hainbat eskualde; beraz, ezinago egokia izango da azaroaren 11a, larunbata, Iruñean egingo den beste trenbide eredu baten aldeko manifestaziora joango garenik.
Ulertezina da Madrilgo eta Iruñeko gobernuak tematuta ibiltzea nafarroi onurarik ez dakarkigun azpiegitura hori ezarri nahian. Izan ere, gaur egun, tren zerbitzu inklusibo bat dugu, eta horren bidez komunikatzen da lurraldearen zati handi bat. Horrez gainera, gaur egungo trenak hobetu ahal izateko aukera handia du, hasierako proiektutik beretik izan baitzen sortua bide bikoitza edukitzeko moduan.
Gaur egungo trenak ahalmen txikia baldin badu, Manu Aierdi kontseilariak temati errepikatzen duen bezala, hori da bide bakarrekoa delako Nafarroako trenbidea —Castejon eta Altsasu artekoa—, eta, hortaz, trenak ezin dira elkarrekin gurutzatu, eta elkarren zain egon behar dute gurutzatzeko. Baina, egin zutenean, bigarren bidea muntatu ahal izateko prestatu zuten.
Bidea bikoizteaz gainera, nazioarteko zabalerara egokituz gero —hirugarren errailaren teknologia erabiliz—, gaur egungo linean dauden arazorik gehienak konponduko lirateke. Eta, hala, Nafarroako garraiobideari sekulako onura ekarriko liokeen zerbitzu bat ezarri ahalko genuke: aldirietako zerbitzu ahaltsu bat izango genuke, eskualdeko bizilagunei aukera emango liekeena garraiobide iraunkor baten bidez komunikatzekoa, tren konbentzionala erabiliz. Hori guztia, gainera, bateragarria izango litzateke gaur egun dagoen merkantzien zirkulazioarekin —baita ibilbide luzeko zerbitzuekin ere—, zeinari ongi bailetorkioke nazioarteko zabalerarekin bateragarria izatea.
Hauxe da, laburbilduz, Sustrai Erakuntza Fundazioak egin duen Nafarroarendako Tren Publiko eta Sozialaren proposamena. Orain daukagun azpiegiturak eta baliabide publikoak ondo erabiltzen dituen proposamenak, eta Abiadura Handiko proiektua kostatuko duela baino askoz merkeagoa izango dena. Horregatik ezin dut ulertu zergatik politikariek temati jarraitzen dutela bere proposamenarekin, 4.000 milioi euro kostatuko duena Nafarroako korridore osorako. Ezin dut ulertu horrela gastatu nahi dutela denendako diren diruak, ”nik egin nuen” esatea ekarriko lukeen hurrengo hauteskundetan irabaziengatik bakarrik. Ez dut ulertzen.
Martín Zelaia García
Sustrai Erakuntza Fundazioaren kidea.